XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.1.- SARRERA

Aurreko kapituluetan informazioa gordetzeko osagaiak, Memoria Nagusia eta Memoria Lagungarriak alegia, aztertu dira, baina informazioa biltzeko modua ez da azaldu.

Horregatik, kapitulu honen helburua, konputagailuetan informazioa nola adierazten den azaltzean datza.

Von Neumann-ek zioenez, konputagailuek bi informazio-mota desberdin gorde ditzakete: aginduak eta datuak.

Informazio-mota desberdin hauek, memorian batera badaude ere, bereiztu egiten dira.

Aginduek konputagailuak momentu bakoitzean bete behar dituen eragiketak adierazten dituzte, datuak berriz, eragiketa horien eragigaiak dira.

Kapitulu honetan ez da aginduen adierazpidea azalduko, beren adierazpide propioa izan arren, datuak nola adierazten edo errepresentatzen diren agertzea izango bait da helburua.

Datuak Kanpo-Memorian gorde badaitezke ere, eragiketetarako behar dituen datuak Memoria Nagusitik eskuratzen ditu konputagailuak.

Beraz, eragiketa batean erabili behar diren datuak Kanpo-Memorian baldin badaude, lehenbizi Kanpo-Memoriatik Memoria Nagusira higitu beharko dute eta Memoria Nagusian ezarri ondoren eragiketa buru daiteke.

Batzutan, Memoria Nagusian eta euskarrietan datuen adierazpidea berbera da, baina zenbait euskarritan ezin dira adierazpide jakin batzu erabili datuak adierazteko.

Horrela, sarrerako euskarriek eta irteerakoek adibidez Karaktere formatoa (aurreago azalduko dugu) bakarrik erabil dezakete.

Gogora ditzagun orain 2.kapituluan azaldutako zenbait kontzeptu.

BITA.- Bi egoera desberdinetan egon daitekeen Memoriako elementuari bit deritzo.

Egoera bati 0 balioa egokitzen zaio eta besteari 1 balioa.

Bit batean bi informazio desberdin sar daitezkeela jakinda, zenbat informazio desberdin gorde daiteke 2 bitetan?

Lau, hau da bi aldiz bi (00, 01, 10 eta 11 konbinazioak).

Oro har n bitetan 2ampsupn; (2 elementuren n-nakako konbinazio errepikadunei dagokiena) informazio desberdin adieraz daitezke.

BYTEA.- Karaktere bat adierazteko behar diren bitek byte bat osatzen dute.

Askotan byte batek zortzi bit dauzka eta horrexegatik zortzikote ere deitzen zaio.

Karaktere bat adierazteko ez dira zortzi bit behar.

Erabiltzen diren karaktereak honako hauek dira: (...)